DERIOKO HIRI ANTOLAMENDUKO PLAN OROKORRA (HAPO)


 

Derioko HAPO egiteko prozesua hastera doa: hirigintza-informazioa

Fase honetako partaidetza interesa daukan guztientzako irekia izango da, apirilarearen 12aren eta maiatzaren 12aren artean.

 

Derioko Udalak 2021ean Hiri Antolamenduko Plan Orokorra lantzen hasi du. Herritarrek Parte Hartzeko Programa onartu ondoren, lehenengo fasea hastera doa, Hirigintza Informazioa.

HAPO udalerria antolatzeko tresna nagusia eta funtsezkoa da. Laburbilduz, HAPOk zer, non eta zenbat eraiki daitekeen arautzen du, udalerriko eremu fisikoaren barne. Behin betiko onespenera iritsi arte, hainbat fase dituen prozesu luze eta konplexu bat da. HAPOren sustatzailea Derioko Udala izan arren, 7.000 biztanletik beherako udalerria denez, behin betiko onespena Bizkaiko Foru Aldundiaren mende dago.

Derioko HAPOren fase honetan parte hartu nahi dutenek, modu ezberdinetan egin dezakete:

  • Informazio-hitzaldira etorriz, apirilaren 14ean, 18:30ean, Kultur Birikan, edo telematikoki esteka honen bitartez. 
  • Zein webgunearen bitartez. Epea apirilaren 12tik maiatzaren 12ra bitartean da.
Hitzaldiari dagokionez, norbaitek umeak zein nagusiak zainduz gero, beraiekin etor daiteke. Era berean, hitzaldia elebiduna izango da eta etortzen direnek bai euskaraz bai gazteleraz parte hartu ahal izango dute.


Zure partaidetza funtsezkoa da, anima zaitez!



 



 
Zer da HAPO?



HAPO udalerriaren erabateko antolamendua aurrera eramateko oinarrizko tresna nagusia da.

Erraminta juridiko honek udalerriaren lurzoruen eta eraikinen erabilerak arautzen ditu. Arau juridiko bezala, eskubide eta betebeharrak ezartzen ditu eta subjektu publiko eta pribatuak lotzen ditu.

 
  • Udalerri osoa arautzen du (1.014Ha).

  • Sustatzailea Derioko Udala da. 7.000 biztanletik beherako udalerria denez, behin betiko

    onespena Bizkaiko Foru Aldundiaren mende dago.

  • Izaera egituratzailea (globala eta generikoa) duen dokumentu bat da.

  • 8-12 urteko indarraldia aurreikusten da.

Zer arautzen du?



HAPOk udalerriaren lurzorua sailkatzen du:

  • Hiri lurzorua (finkatutako bilbea)

  • Lurzoru urbanizagarria (eraldatuko dena hiri lurzorua hedatzeko)

  • Lurzoru urbanizaezina (nekazal lurzorua eta bere ezaugarriengatik babestu beharrekoa)

HAPOk udalerriaren lurzorua sailkatzen du hiri-lurzoru, lurzoru urbanizagarri eta lurzoru urbanizaezin gisa, lurzorua kalifikatzen du bere erabilera finkatuz (etxebizitzak, jarduera ekonomikoak, zuzkidurak...) eta kantitatea ezartzen du (eraikigarritasuna).

Laburbilduz, HAPOk zer, non eta zenbat egin daitekeen arautzen du udalerriko eremu fisikoan.

Zergatik da garrantzitsua?
 


Udalerriaren egitura fisikoan (lurzoru eta eraikinak) bakarrik eragiten badu ere, HAPOk udalerriaren ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-garapenean guztiz eragiten du.

Laburbilduz, Derioko HAPOk Deriok nolakoa izan nahi dueneko ikuspegia sortuko du, bai epe laburrean eta ertainean zein luzean.

Zer ez da HAPO?
 


HAPOk ez du arautzen, esaterako, udalerriaren enplegu-politika. Esparru horretan egin dezakeena udalerrian jarduera ekonomikoetarako behar adina leku dagoen aztertzea da, eta, beharrezkoa izanez gero, erabilera horretarako espazio berriak aurreikusi ditzake.

Era berean, HAPOk ez ditu xehetasunak zehazten, adibidez, ez ditu autobus-geltokiak kokatzen. Hirigintza-obretan ere ez du zer esanik, ez ditu parke batean jar daitezkeen bankuak zehazten ezta zebra-bide gehiago egokitzen.

Zer muga ditu?
 


Udal-tresna juridiko bat izanda ere, HAPOek udalerriaz gaindiko administrazioetatik datozen eta aintzat hartu behar dituzten hainbat baldintza dituzte.

Beraz, Derioko HAPOk legeri sektoriala jaso behar du, bai eta Estatutik eta Eusko Jaurlaritzatik datozen aplikazio zuzeneko arauak ere (hirigintza-estandarrak, adibidez), esaterako hurrengoei dagozkienak; ura, errepideak, trenbidea, zortasun aeronautikoak, lurzoru kutsatuak, ondarea edo telekomunikazioak. Zehazki, etxebizitzaren esparruan, Eusko Jaurlaritzak Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen (LAG) bitartez arautzen du HAPOn antola daitezkeen etxebizitza berrien kopurua.

Gainera, HAPOren sustatzailea Derioko Udala izan arren, 7.000 biztanletik beherako udalerria denez, behin betiko onespena Bizkaiko Foru Aldundiaren mende dago.

Herritarren parte-hartzeari dagokionez, parte-hartze horrek hainbat ekarpen egin arren, edukiak kontrastatuz eta osatuz, eta, azken finean, plan berria aberastuz, emaitzak ez dira lotesleak eta ezin dira lotesleak izan, arestian deskribatu mugak direla eta.

Azkenik, beharrezko faktore sozioekonomikoa aipatu behar da HAPOn aurreikusitakoak aurrera eraman ahal izateko. Esaterako, gerta liteke HAPO batek etxebizitza edo ekonomia jarduerarako espazio berriak aurreikustea eta, ordea, horiek planaren indarraldian ez garatzea. Bi kasuetan, egoera ekonomikoagatik eta planarekin zer ikusirik ez duten faktoreen ondorioz.

Zer fase ditu?
 


Egun Deriok ez du HAPOrik, 2003ko Arau Subsidiarioak baizik. HAPO idaztea, legez nahitaezkoa den eta, behin betiko onespenera iritsi arte, hainbat fase dituen prozesu luze eta konplexu bat da.

  • 0. FASEA - Herritarrek Parte hartzeko Programa (HPP)
  • 1. FASEA Hirigintza Informazioa
  • 2. FASEA Aurrerakina
  • 3. FASEA Jendaurreko Erakustaldia (Aurrerakina)
  • 4. FASEA Hasierako Onespena
  • 5.FASEA Jendaurreko Erakustaldia (Hasierako Onespena)
  • 6.FASEA Behin Behineko Onespena
  • 7.FASEA Behin Betiko Onespena

2021ean, Udala Derioko HAPO lantzen hasi da. Herritarrek Parte hartzeko Programarekin 0. Fasea osatu ondoren, 1. Fasea Hirigintza Informazioa hasi berri da. 1. Fase honetan, parte hartzeko prozesu publiko baten bitartez, deriotarrei zuzendua, udalerriko premiak jaso eta egiaztatu ahal izango ditugu. Horiek hurrengo fasean erabilgarriak izango dira, HAPOren Aurrerakina idazteko.

 

Bienvenu sur Createlli Lab